AURKEZPENA

Hemen aurkezten dugun “Nafarroako Zerga Ogasunaren Memoria. 2017. urtea” dokumentuak 2016ko memoriaren xede bera du; aurreko hura izan zen Nafarroako Zerga Ogasunak egindako lehenengoa. Azken batean, erakunde autonomoaren antolamendua eta jarduera horretarako interesa izan dezakeen edozein pertsona edo erakunderi ezagutaraztea du helburutzat: administrazioko langileei, laguntzaileei, ikertzaileei, gizarte-eragileei, beste administrazio batzuei, erakunde publikoei, etab.

Beraz, memoria honek 2017ko jarduketa nagusiak biltzen ditu. Oro har, jardueraren datuak 2016koekin alderatu ahal izan dira, baldintza homogeneoetan. Horrenbestez, datu gehienetan bi ekitaldietako informazioa dago jasota, eta horrek aukera ematen digu datuon bilakaera ikusteko eta emaitzak alderatzeko.

Memoria honek informazio-gardentasunaren printzipioari jarraitu nahi dio, eta asmoa da baliagarria izan dadila Nafarroako Zerga Ogasunaren jardueraren berri emateko, hori ebaluatze eta hobetze aldera.

Nafarroako Zerga Ogasuna da Nafarroako zerga-sistema aplikatzeaz arduratzen den erakundea. Bere estatutuen 3. artikuluaren arabera, Nafarroako Zerga Ogasunari dagokio zergak ondo eta modu eraginkorrean kudeatu eta biltzea, araudi fiskala zorrotz betetzen dela eta denek betetzen dutela bermatzeko, zergadunen segurtasun juridikoa kaltetu gabe eta aipatutako araudiak sortzen duen presio fiskala murriztuz.

Dagozkigun zereginen ezaugarriengatik, zerga-bilketaren zifra aukeratu dugu gure jardueraren adierazle nagusi gisa, albo batera utzi gabe kasuan-kasuan egokiagoak diren beste magnitude batzuk erabil daitezkeela jarduketa jakin batzuen emaitzak ebaluatzeko.

Hori horrela, azpimarratu behar da Nafarroako Zerga Ogasunak 3.682.671,1 euroko zenbateko likidoa lortu zuela 2017an; alegia, 2016an baino % 13,32 gehiago. Bestetik, 2016ari dagozkion zerga-kontrolerako jardueraren emaitza 160.123,0 mila eurokoa izan zen, hots, aurreko urtean baino % 19,6 handiagoa.

Taula honetan ikus daitezke datu horiek:

1. taula. Zerga-bilketa likidoa eta zergak kontrolatzeko jardueraren emaitzak.