1.2 Nafarroako zerga-sistema

Nafarroak, Espainiako Konstituzioaren lehenengo xedapen gehigarrian aitortzen zaion foru-araubide bereziari esker, bere zerga-araubidea mantentzeko, ezartzeko eta arautzeko ahalmena dauka, betiere abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren (Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzkoa) 45. artikuluan aipatzen den Estatuaren eta Nafarroako Foru Erkidegoaren arteko Hitzarmen Ekonomikoan (abenduaren 26ko 28/1990 Legea) jasotako printzipioei jarraikiz.

Araubide erkideko autonomia-erkidegoen finantzaketa-sistema ez bezala, Estatuarekiko Hitzarmen Ekonomikoaren sistema Nafarroako Foru Erkidegorako finantzaketa-eredu espezifikoa da, eta bi elementu hauek ditu oinarri:

a) Autonomia fiskala. Nafarroako Foru Erkidegoak kudeatzen eta biltzen ditu zerga-sistemako oinarrizko zerga guztiak.

b) Ekarpena. Zenbateko bat ordaintzen dio Gobernu Zentralari, Nafarroak bere gain hartzen ez dituen estatu-mailako eskumenak ordaintzeko. Horren bidez ekarpena egiten da Estatuaren karga orokorretarako.

Memoriaren puntu honetan Hitzarmen Ekonomikotik ateratako zerga-sistema foralaren oinarrizko ezaugarriak aurkeztuko ditugu. Autonomia fiskala.

Memoria honen 5. atalean (Erakundeen arteko harremanak eta kanpoko aliantzak) ikus daitezke ekarpenaren ezaugarriak.

AUTONOMIA FISKALA

Hauek dira Hitzarmen Ekonomikoaren ondoriozko zerga-sistema foralaren oinarrizko ezaugarriak:

Zerga-ahalmena.

  • Nafarroak, bere foru-araubideari esker, bere zerga-araubidea mantentzeko, ezartzeko eta arautzeko ahalmena dauka.
  • Estatuaren eskumen esklusiboak: Estatuari baino ez dagokio zerga berezien eta Balio Erantsiaren gaineko Zergaren inportazio-eskubideak eta inportazio-kargak arautzea, kudeatzea, likidatzea, biltzea, ikuskatzea eta berrikustea.
  • Foru-erkidegoaren zergak ordainarazteko, kudeatzeko, likidatzeko, biltzeko, ikuskatzeko eta berrikusteko, Estatuko Ogasun Publikoak aitortuta dituen ahalmen eta eskumen berak izango ditu Nafarroako Ogasun Publikoak.

Zerga-harmonizazioa.

  • Nafarroako Foru Erkidegoak, zerga-araudia egiteko, Hitzarmen Ekonomikoan adierazitako harmonizazio-irizpide orokorrei jarraituko die.
  • Nafarroako Foru Erkidegoaren ordainarazpena lotura-puntuen bidez zehaztuko da. Alegia, zerga bakoitzean zerga-administrazio bakoitzari zein zergadunek ordaindu behar dion eta nola egin behar duen zehazten duten irizpideen bidez. Horretarako, Hitzarmen Ekonomikoan bertan araututa dago Nafarroako egoitza fiskalaren zehaztapena, eta hori funtsezko pieza da banaketa honetan.
  • Tributazioa Nafarroakoa bakarrik izan daiteke, edo Nafarroaren eta beste administrazio batzuen artekoa, zifra erlatiboaren (Nafarroako tributazioaren portzentajea), helbide fiskalaren, eragiketen kopuruaren eta eragiketak egiteko lekuaren arabera. Zifra erlatiboaren araberako tributazioaren kasuan, Hitzarmenean zehaztuta egongo da kasuan-kasuan aplikatu beharreko araudia, Nafarroakoa edo beste administrazio batzuetakoa.

Ondorioz, Hitzarmen Ekonomikoan araututako ahalmenari eta zerga-harmonizazioari jarraikiz, zer-nolako askatasuna dauka foru-erkidegoko zerga-administrazioak Nafarroako zerga-sistema diseinatzeko?

Honako muga hauek nabarmendu behar dira:

a) Muga orokorrak

Nafarroak hauek errespetatu beharko ditu:

  • Estatuak sinatutako nazioarteko itun edo hitzarmenak, bereziki Europar Batasuneko zerga-harmonizaziorako arauak.
  • Elkartasun-printzipioa.

Harmonizazio-irizpide orokorrak

  • Zergei buruzko Lege Orokorrera egokitzea terminologiari eta kontzeptuei dagokienez.
  • Benetako presio orokor baliokidea ezartzea.
  • Pertsonen zirkulatzeko eta ezartzeko askatasuna eta ondasunen, kapitalen eta zerbitzuen zirkulazio librea bermatzea.
  • Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalaren (EJSN) sailkapen berdina erabiltzea.

b) Muga espezifikoak:

       Zerga batzuetan, foru-erkidegoak Estatuko arau sustantibo eta formalen eduki bereko arauak onetsi beharko ditu, erabakitzeko marjina txikia utziz zerga-ereduei eta epeei dagokienez.

Ondorengo taulan eskema moduan ikus daitezke Nafarroak kudeatzen eta biltzen dituen zergak, baita aplikatutako araudia Nafarroak ezarritakoa edo Estatukoaren berdina den ere.

2. taula. Nafarroako zerga-sistema. Hitzartutako zergak