6.2 Jarduera-adierazleak

Memoriaren atal honetan, Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoaren lanaren ikuspegi bat izateko baliagarria den adierazleren bat erakutsi nahi da.

Horretarako, interesgarritzat jo da gure inguruko ogasunek erabiltzen dituzten parametroen antzekoak erabiltzea. Ez zaie garrantzi handiegirik eman behar, askotariko kontabilizazio-sistemek ezarritako mugek eta askotariko egoerek eragiten baitiete, baina egia da lortutako emaitzetara azkar gerturatzen laguntzen dutela.

Adierazle hauek aukeratu dira:

“Zerga-kontrolerako jardueraren” indizea

Zergak zuzenean kudeatzeagatik (zeharkako zergapetzeagatiko doikuntza fiskalak kontuan hartu gabe) Nafarroako Zerga Ogasunak bildutako zenbateko likidoa 2.679,7 milioi eurokoa izan zen 2017an.

Bestalde, 2017an, zergak kontrolatzeko jardueraren emaitzak 160,1 milioi eurokoak izan ziren.

Bi magnitudeen zatitura, zenbakitzailean zergak kontrolatzeko jardueretatik lortutako emaitzen zenbatekoa hartuta eta izendatzailean zergak zuzenean kudeatuz bildutako zenbateko likidoa hartuta (zeharkako zergapetzeagatiko doikuntza fiskalak kontuan hartu gabe), ehunekotan adierazita, % 5,98 da.

2016. urteko indizeari dagokionez, % 9,32 igo da.

“Jardunaren” indizea

2017an, zergak kontrolatzeko jardueraren emaitzak 160,1 milioi eurokoak izan ziren.

Jardunaren indize bat kalkulatu da emaitzak/langileak ratioaren bitartez, eta horrek Nafarroako Zerga Ogasuneko langile bakoitzak zergak kontrolatzeko jardueraren emaitzei egiten dien ekarpena neurtzen du batez beste.

Zenbakitzailean sartzen dira zergak kontrolatzeko jardueraren emaitzak, eta izendatzailean sartzen da abenduaren 31n Nafarroako Zerga Ogasunean enplegatuta zeuden pertsonen kopuru osoa. Kontuan hartu behar da zergak kontrolatzeko jarduera ez dela posible erakunde autonomo osoak jarduten ez badu.

Eginkizunaren indize honen arabera, Zerga Ogasuneko langile bakoitzak 506.718,48 euro lortu ditu batez beste 2017an, zergak kontrolatzeko jardueran.

2016. urteko indizeari dagokionez, 81.723,13 euro (% 19,23) egin du gora.

“Eraginkortasunaren” indizea

Zergak kontrolatzeko jardueraren eraginkortasuna neurtzeko, magnitude hauen zatidura kalkulatzen da:

  • Zenbakitzailean zergak kontrolatzeko jardueraren bitartez lortutako zenbatekoa hartzen da kontuan (160,1 milioi euro).
  • Izendatzailean, aitortutako betebeharrei dagokien aurrekontu osoaren zenbatekoa hartzen da kontuan, Estatuari eginiko ekarpena kenduta (26,67 milioi euro).

Eraginkortasunaren indize honen arabera, 2017an Nafarroako Zerga Ogasunean gastatutako euro bakoitzeko 6,004 euro lortu dira zerga kontrolatzeko jardueran.

2016. urteko indizeari dagokionez, 1,103 euro (% 22,5) hobetu da.

“Zerga-bilketa likidoaren kostuaren” indizea

Kudeatutako baliabideen aplikazioaren eraginkortasuna neurtzeko, magnitude hauen arteko zatidura kalkulatu da:

  • Zenbakitzailean, aitortutako betebeharrei dagokien Nafarroako Zerga Ogasunaren aurrekontu osoaren arabera bere gain hartutako kostuen zenbatekoa hartzen da kontuan (Estatuari eginiko ekarpena kenduta) (26,67 milioi euro).
  • Izendatzailean, bildutako zenbateko likidoaren zenbatekoa hartzen da kontuan, hala kudeaketa zuzenaren nola zeharkako zergapetzeagatiko doikuntza fiskalen bitartez lortutakoa  (3.682,67 milioi euro).

Zatidura horren arabera, 2017an, diru-sarreren kudeaketak eragindako kostuaren indizea 0,724 izan zen bildutako 100 euroko.

Hobera egin du 2016. urteko indizearekin konparatuta; izan ere, 0,840 izan zen bildutako 100 euroko.

Indize horien 2016. eta 2017. urteko datuak hurrengo taulan jaso dira:

77. taula. Nafarroako Zerga Ogasunaren jarduera-adierazleak.