5.1 Hitzarmen Ekonomikoa

2017an, Hitzarmen Ekonomikoaren Koordinazio Batzordeak 2015-2019 bosturtekorako hitzarmen horretatik eratorritako harreman finantzarioak eguneratzeari buruzko hainbat akordio sinatu ditu. Honako hauek nabarmentzen dira:

-     2015eko ekarpena 510.070,4 mila eurotan finkatzea, bosturteko gainerako urteetarako oinarria ere izango dena.

-     2015az geroztik eraginik gabe utzi da Nafarroak estatuari ordaintzen zion sektore elektrikoaren gaineko zergen konpentsazioa, 2015eko oinarri-urteko ekarpenaren kalkuluan sartu baita.

-     2015-2019 bosturtekoan BEZaren zerga-doikuntza eta fabrikazioko Zerga Berezien doikuntza eraginkor egiteko metodoak, dagozkien doikuntzen formuletan aplikatzen diren kontsumo- eta kudeaketa-indizeak eguneratuta.

Erabaki horiek aplikatuz, 2017 urteari buruzko behin-behineko finantza-fluxuak likidatu dira eta 2010-2014 bosturteko erabakien luzapena aplikatuz behin-behinekoz likidatutako 2015 eta 2016 urteei dagozkien behin betiko fluxuak likidatu dira.

Ekarpen ekonomikoa:

Nafarroako zerga- eta finantza-jarduera Hitzarmen Ekonomikoaren sistema bereziaren bitartez arautzen da. Sistema horren arabera, Nafarroak eskumena du bere zerga-araubidea mantentzeko, ezartzeko eta arautzeko. Zerga horiekin lortzen dituen baliabideak bertako politikak finantzatzera bideratzen dira, baina, era berean, Estatuari ere urtean behin ekarpen bat egin behar dio bere gain hartzen ez dituen Estatuaren kargengatik, hau da, Foru Komunitateak berak gauzatzen ez dituen eskumenei dagozkienengatik.

Hitzarmen Ekonomikoarekin bat etorriz, Nafarroak urte horretako behin-behineko ekarpena lau epetan ordaindu behar du, eta, halaber, lehen hiruhilekoan, aurreko urteko behin betiko ekarpena likidatu behar du, eta administrazio baten edo bestearen alde sortzen diren diferentziak erregularizatu.

2017ko behin-behineko ekarpena 2015eko oinarrizko urteko Ekarpenerako Hitzarmen Ekonomikoko 60.2 artikuluan araututako behin-behineko eguneratze-indizea aplikatuz finkatu da abenduan. Modu horretan, Nafarroak 2017an ordaindu beharreko behin-behineko ekarpena 509.174,5 mila eurokoa izan da.

Bestalde, 2015 eta 2016ko behin betiko likidazioaren emaitzak Nafarroaren aldeko saldo positiboa eman du sektore elektrikoaren gaineko zergen Ekarpenagatik eta Konpentsazioagatik (orain Ekarpenaren ordainketan sartuta daude) 2015, 2016 eta 2017 urteetan egindako konturako ordainketekiko Nafarroaren aldeko saldo positiboa eman du. Saldoak 128.694,5 mila euroko zenbatekoa izan du, eta IV. kapituluko diru-sarreren partidan kontabilizatu dira.

Zeharkako zergapetzeagatiko doikuntzak:

Hitzarmen Ekonomikoko 65. artikuluak, bestalde, zeharkako zergapetzeagatiko doikuntza fiskalak ezartzen ditu, BEZaren eta Fabrikazioaren gaineko Zerga berezien bilketa hobetzeko, zerga horiek zuzenean kudeatzeko ezarrita dauden lotura-puntuekin eta harmonizazio-irizpideekin bat etorriz. Koordinazio Batzordearen eskumena da doikuntza horiek dagokien bosturtekoan eraginkor egiteko metodoak ezartzea.

2017an, abenduan likidatu dira behin-behineko doikuntzak, Koordinazio Batzordeak 2015-2019 bosturtekorako adostutako kontsumo- eta kudeaketa-indize berriak eta kuantifikazio- eta likidazio-metodoak aplikatuta. Bosturtekoarekiko aldaketa garrantzitsuena hidrokarburoen gaineko Zergaren doikuntzan izan dela nabarmendu behar da. Aurreko bosturtekoan Estatuari itzuli behar zitzaion eta orain positiboa da – Nafarroaren aldekoa –.Halaber, beste aldaketa garrantzitsu bat egon da BEZaren doikuntzan: kontsumo-indize aplikagarria handitu egin da eta kalkulatzeko metodoa sinplifikatu eta arrazionalizatu egin da, baina IHren doikuntzarena baino inpaktu ekonomiko txikiagoarekin.

2017ko behin-behineko likidazioari dagokion zenbatekoa 929.124,4 mila eurokoa izan da. Horietatik 878.158,1 mila euro BEZaren doikuntzarenak dira eta 50.966,3 mila euro Zerga Berezien doikuntzarenak.

Horrez gain, 2017an 2016ko zerga-doikuntzen behin betiko likidazioaren ondoriozko saldoak erregularizatzeari dagozkion zenbatekoak likidatu eta kontabilizatu dira adostutako indize berrietan oinarrituta. 2010-2014 bosturtekoaren luzapena aplikatuz behin-behinekoz likidatu ziren zenbatekoekiko egin da erregularizazioa. Nafarroaren aldeko 73.845,4 mila euroko zenbatekoa atera da, eta zenbateko horretatik 62.306,1 mila euro hidrokarburoen gaineko zergarenak dira, 10.952,0 mila euro BEZarenak eta gainerako 587,3 mila euro Alkoholaren eta garagardoaren doikuntzenak.

Horrekin guztiarekin, Nafarroak 2017an jasotako zerga-doikuntzen zenbatekoa 1.002.969,8 mila eurokoa izan da, hau da, 2016an jasotakoa baino 202.434,2 mila euro gehiago eta % 25,3ko gehikuntza.

Jarraian adierazten den koadroan jaso dira Hitzarmen Ekonomikoak eragindako finantza-fluxuen zenbateko nagusiak. Zeharkako zergapetzeagatiko ekarpena eta doikuntza fiskalak.

70. taula. Hitzarmen Ekonomikoaren finantza-fluxuak