2.4.3 Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren bidezko diru-sarreren bilakaera

PFEZaren bidezko diru-sarrerak 1.282.825,3 mila eurokoak izan dira, aurreko urtean baino 8,8% gehiago.

  • Laneko atxikipenek % 5,5 egin zuten gora urtetik urtera zerga-bilketan; hau da 2016an baino 61.611,5 mila euro gehiago bildu ziren. Hazkunde hori honako arrazoi hauengatik gertatu zen: 2016ko abenduko eta 4. hiruhileko diru-sarrerei  atxikipenen taula areagotua ezarri zitzaielako —zerga horiek urtarrilean sartzen dira—; langile publikoei 2012az geroztik jaso gabe zuten ezohiko dirusaria itzuli zaielako, eta, batez ere, lan-merkatua hobetu delako. Horrez gain, enpresen eta profesionalen ordainketa zatikatuetatik lortutako diru-sarrerek dinamismo handia izaten jarraitzen dute: haien urterik urterako hazkundea % 11,8koa da.
  • Kapitalaren errenten gaineko atxikipenek ere hazkunde-tasa positiboak izan dituzte, %1,3koak, lau urtez beherakada handiak jasan eta gero. Hazkunde horren arrazoiak tasak areagotzea eta kapital higigarrien errentaren sorkuntzaren eta ondare-irabazien bilakaera hobetzea dira.
  • Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kuota diferentzialak erakusten du 2015eko erreforma fiskalak eragina izan zuela 2016ko Errentaren kanpainan; izan ere, kuota positiboak areagotu eta kuota negatiboak gutxitu egin dira. Gainera, kontzeptu honetan sartuko lirateke urte honetan areagotu egin diren alargun-pentsioen aurrerakinak. Igoera horrek gastua 4,1 milioi euro handiagotzea ekarri du. Denera, urtetik urterako zerga-bilketa %59,2 areagotu da; hau da, 2016an baino 36.564,2 mila euro gehiago sartu dira.