3.1 Zergen arloko informazio-sistemak

Nafarroako Zerga Ogasunak bere funtzioak gauzatzeko biltzen dituen datuak isilpekoak dira. Arau hauek osatzen dute zergen arloko datuak babesteko araubidearen esparru nagusia:

  • Espainiako Konstituzioaren 18. artikulua, datuak babesteko funtsezko eskubidea ematen duena.
  • 15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzkoa.
  • Nafarroako Tributuei buruzko Foru Legearen (abenduaren 14ko 13/2000 Foru Legea) 105. artikulua, zergen arloko datuek horien benetako aplikazioan duten eragina ezartzen duena. Dena den, artikulu horrek ezartzen dituen kasu batzuetan baimendu egiten da datuak administrazio jakin batzuei lagatzea, aldez aurretik berariaz ezarritako helburuetarako.

Informazio-segurtasuna. Sarbideen kontrola

Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren ekainaren 4ko 210/2007 Foru Aginduaren bidez (Nafarroako Foru Erkidegoko administrazioko eta bertako erakunde publikoetako informazio-sistemen eta komunikazioen segurtasun-arauak ezartzen dituena) onetsi zen Nafarroako Zerga Ogasuneko Informazioaren Segurtasun Politika.

Foru Agindu horretan ezarritakoa eta Datuak Babesteko Lege Organikoa garatzen duen araudia betetze aldera, erregistratuta geratzen dira Nafarroako Zerga Ogasuneko informazio-sistemetako informazio konfidentzialerako sarbide guztiak, horiek egin dituen pertsona, horretarako arrazoia eta ondorengo kontrola ahalbidetzen duten beste zenbait datu tekniko identifikatuta.

Aldizka berrikusten dira sarbide horien arrastoak; bada, berrikuspen horien bidez 2017an 12 segurtasun-intzidentzia detektatu dira, eta, horrenbestez, erabiltzaileak kontzientziatzeko eta sarbideen kontrolak areagotzeko neurriak hartu dira.