3.2.5.2 Kexak

Gaur egun ez dago kexak aurkezteko kanal espezifikorik, ez eta kexak sistematikoki tratatzeko prozedurarik ere. Ahoz ez ezik, kexak beste zenbait modutan jaso daitezke: Erregistroan aurkezten diren instantzien bidez; Ezkirotz kaleko 16. zenbakian dagoen bulego nagusian zein beste lurralde-bulegoetan horretarako jarrita dauden postontzietan idatziak utziz; edo Nafarroako Zerga Ogasuneko postontzi nagusira mezu elektroniko bat bidaliz.

Urte osoan, hamar kexa baino gutxiago jaso dira idatziz; aurreko urteetan ere antzeko kopurua izan zen, hutsala, arreta emandako pertsonen kopurua kontuan izanda.

Zeinahi bide erabiliz aurkeztu diren kexak kausa hauen ondorioz izan dira:

  • Euskarazko arreta, eta horri lotutako beste kontu batzuk:
    • Aurrez aurre hizkuntza horretan arreta eman dezakeen pertsonarik ez egotea edo pertsona nahikoa ez egotea, hala administrazio-kontuetarako nola gai teknikoetarako.
    • PINa adierazten den dokumentua gaztelaniaz soilik egotea.
    • Bi hizkuntzako inprimakirik ez egotea. Alde horretatik, Nafarroako Administrazio Publikoetan euskararen erabilera arautzen duen Foru Dekretuak (otsailaren 10eko 29/2003) ezartzen du formula elebiduna euskarri fisiko bereizietan erabili ahalko dela, Administrazioko organo eskudunak hala erabakitzen duenean, eta hala erabaki du inprimaki-ereduen kasuan, zeinak hizkuntza bakoitzeko bertsio bereizietan onartzen baitira Departamentuko Kontseilariaren Foru Aginduaren bitartez.
    • Ziurtagiriak gaztelania hutsez egitea.
    • Webguneko atal batzuk osorik edo zati batzuetan gaztelania hutsez egotea.
  • Aurrez aurreko arreta
    • Langile gutxi egotea, edo aurrez aurreko arreta ematen duen langileren bat atsegina ez izatea edo tratu desatsegina ematea.
  • Aitorpenak derrigorrean telematikoki aurkeztu behar izatea.
  • Nafarroa iparraldean lurralde-bulegorik ez egotea.
  • Zenbait unetan, langile gutxiegi egotea, oporrak direla-eta.
  • Hiru hilean behingo inprimaki-bidalketa kentzea.