2.3 Itzulketak

Nafarroako Zerga Ogasunak 2017an guztira itzulitako zenbatekoa 1.276.510,2 mila eurokoa izan da; alegia, 2016an baino % 2,8 txikiagoa, orduko hartan 1.313.809,0 mila euro itzuli baitziren.

Taula honetan ikus daitezke zerga-figuren araberako itzulketak:

13. taula. Itzulketei dagokien zerga-bilketa. Xehetasunak, zerga-figuren arabera.

  • BEZaren kudeaketa zuzenagatiko itzulketei 874.897,1 mila euro dagozkie, eta, % 3,1 txikiagoa izan bada ere, garrantzi erlatiboari eutsi diote; egin diren itzulketa guztien % 68,5 adierazi dute osotara. Gainbehera hori ibilgailuen esportazio txikiagoari zor zaio batez ere, nahiz eta gainerako esportazioak gehitu egin diren eta inbertsio garrantzitsuak egin dituzten enpresa batzuek; BEZaren kuotan itzultzekoak eragin dituzte, hain zuzen, inbertsio horiek.
  • PFEZaren kuota diferentzialaren itzulketa gehienak 2016ko Errenta Kanpainari eta alargun-pentsioaren aurrerapenei dagozkio batik bat. Guztira, 194.643,6 mila eurokoa izan da horien zenbatekoa, eta guztizkoaren % 15,2 eta % 6,3ko murrizketa adierazi dute. 2015. urte amaieran onartutako PFEZaren erreforma fiskalaren eraginez gertatu da beherapen hori, nahiz eta pentsioen aurrerapenak hazi egin diren, 2017an Legebiltzarrak onartutako aldaketaren eraginez.
  • Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, kuota diferentziala kanpainaren kuota negatiboei dagokie batez ere, eta aitorpena egin zenetik sei hilabeteko epean kobratzen dira nagusiki. Horrenbestez, 2015eko Sozietateen gaineko Zergari dagozkio nagusiki, eta 2014an onartutako erreforma fiskalaren eraginpean daude. Horien zenbatekoa 92.455,7 mila eurokoa izan da, eta % 13,9ko gorakada izan du urtetik urtera; beraz, garrantzi erlatibo handiago izan du itzulketen guztizkoan: 2016an % 6,2 zegokion, eta 2017an, % 7,2 egokitu zaio.
  • Zeharkako zergengatiko doikuntza fiskalen likidazioagatik Estatuari egindako ordainketak 79.283,7 mila eurokoak izan dira, eta % 14,20 murriztu dira aurreko urtetik. Murrizketa horren arrazoi nagusia 2015-2019 bosturtekorako zergengatiko doikuntzetarako erabakitako metodo berria da, memoria honetako “5.1 Hitzarmen Ekonomikoa" atalean azaldu denez.